XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nolanahi ere, onak dira, dudarik ez, eta horrenbestez, jarraigarriak.

Mende honen erdi aldera, bere baitatik irten beharrean zegoen euskal nobela eta literaturan, gainerantzeko alorretan bezalaxe, ia dena asmatua delarik, beste nobelagileek ibilitako bideari jarraitzen zaio, bere eraberritzearen oinarri sendo eta rigurosoa finkatzekoan.

Eraberritze honen ezaugarririk nabariena, erabat moderno ager mina da nere ustez.

Garai horretako edozein nobelagilek guttien onartuko lukeen gaitzespena, moderno ez izatea litzateke noski: bere garaikoa, egunean egunekoa izan nahi du euskal nobelak nola edo hala eta oroz gain, eta modernotasun horren pean kokatzen da gainerako guztia.

Baldin zerbait esan badaiteke azkenaldi honetako euskal nobelagintzaz, moderno izana edo, hobeto, izan nahia da, dudarik gabe.

Oso nobela gutti idatzi da, noski, asko badirudi ere, aurreko aldikoekin erkatuz: baina, asko izan omen da, Europako eta beharbada Ameriketako nobelagintzan zehar dabiltzan baliapide berriei tokiren bat emateko: barne-bakarrizketa, ikuspegi narratiboen konbinaketa, denbora-plano desberdinen txandaketa, behaviorismoa, simbolismoa, etab.

Kanpoan erabiltzen ari diren moda narratiboen oso ezagule onak gertatzen bide dira gure nobelagilerik gehienak, ezaguera hori pena balio duten nobelak sortzen erabiltzeko gai izan ez badira ere gehientsuenetan.

Txomin Agirre ehun bat urte lehenagoko moda bati jarraitzen zaio bere nobelagintzan; baina esan beharra dago, oso idazle ona izan dela, hala eta guztiz ere.

Munduko narratibarik gorenean gaur bertan erabiltzen ari diren teknikarik modernoenak aurki daitezke gaur egungo edozein nobelagileren edozein nobelatan, baina oso kasu gutxitan sorrerazi du nobela bikain bat ezaguera tekniko horrek.

Zergatik ote hemen salatzen ari garen egoera hau?.

Nere eritziz, mekanikoegia gertatu da orohar kanpoko ereduon imitazioa, gure euskal nobelagintzaren aldetik, gure nobelaren tradizioak bereganatu, asimilatu eta integratu gabe, hain zuzen.

Baina, ba ote da euskal nobelaren tradiziorik?.